Kutxabank Enpresak

Egungo Ekonomia

Europako Funtsen bultzada garrantzitsua jasangarritasun proiektuetarako

2024_02_20 - Noticia Financiación Sostenible - KUTXABANK_EU

KUTXABANK PRENTSA | 2024/03/18

2024ko lehen seihilekorako aurreikusita dauden NGEU deialdien inguruan Gobernuak prestatu duen kronogramak, Ministerioek zuzenean emandako informazioarekin batera, iraunkortasunarekin lotutako eta Ekonomia Suspertzeko eta Eraldatzeko Proiektu Estrategikoen (ESEPE) barruan kokatutako deialdien ikuspegi orokor bat ematen digu. Laguntza horiei esker, hainbat sektoretako enpresek ekimen horiek baliatu ahal izango dituzte, industria jasangarriago bat lortzeko eta isuriak murrizteko. Hona hemen deialdi nagusiak:

Ibilgailu elektriko eta konektatuaren ESEPEa:
Espainian sarera konektatutako ibilgailu elektrikoak garatu eta fabrikatzeko ekosistema bat ezartzeko helburua duen Ibilgailu elektriko eta konektatuaren (VEC) ESEPEak jarduera hauetara bideratutako hiru deialdi egingo ditu gutxienez (bi deialdi ibilgailu elektrikoaren industria-katearen jarduera integralen programaren barruan egongo dira):

  • VEC III ESEPEa: aurreikuspenen arabera, lehen seihilekoan VEC ESEPEaren ezohiko deialdi bat argitaratuko da, funtsean dagoen soberakinarekin: 200 milioi euro diru-laguntzetan banatuko dira eta 100 milioi euro maileguetan.
  • VEC IV ESEPEa: Berreskuratze Planaren Eranskinean aurreratu zen moduan, ENISAk 1.250 milioi euroko aurrekontua duen deialdi bat egingo du: 250 milioi euro diru-laguntzetan banatuko dira eta gainerakoa maileguetan. Deialdi hori bigarren seihilekoan argitaratzea espero da.
  • Proiektu Berezien Moves Programa: aurreikuspenen arabera, lehen seihilekoan MOVES Bereziak programaren hirugarren deialdia argitaratuko da, mugikortasun elektrikoarekin lotutako proiektu bereziak sustatzeko helburuarekin (informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera mugikortasun elektrikoan, ibilgailuak kargatzeko azpiegitura aurreratua, mugikortasun elektrikoarekin lotutako prototipo eta negozio-eredu berriak…). Norgehiagoka deialdi bat izango da. Programa honen aurrekontua 150 milioi eurokoa izango da, eta diru-laguntzen bidez banatuko da.

Deskarbonizazio industrialaren ESEPEa:
ESEPE honek manufaktura-industria elektrointentsiboari laguntzeko neurriak hartzea du helburu, faktura energetikoa murrizteko, prozesuen deskarbonizazioa sustatzeko, eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta energia berriztagarrien erabilera sustatzeko. Jarduera horiek, nagusiki, sektore hauetara bideratuta daude: metalikoak ez diren produktu mineralen fabrikazioa (zeramika, zementua eta beira barne), industria kimikoa, petrolioaren finketa, metalurgia eta paperaren eta paper-orearen fabrikazioa.

  • 2024ko bigarren seihilekoan, ESEPEaren 1. ildoan kokatutako bigarren deialdia egingo da, manufaktura-industria deskarbonizatzeko jarduera integraletara bideratutakoa. Deialdi honetan 370 milioi banatuko dira diru-laguntzetan eta 1.000 milioi maileguetan. Lehen deialdian ez bezala, aurkezten diren proiektuak 2026tik aurrera gauzatu ahal izango dira.
  • Bigarren seihilekoan, gainera, ESEPEaren 4. ildoaren lehen deialdia argitaratuko da, guztiz eraginkorrak diren manufaktura-instalazio deskarbonizatu berriak finantzatzeko, eta 150 milioi euroko aurrekontua izango du diru-laguntzetan eta 100 milioikoa maileguetan.

Ekonomia Zirkularraren ESEPEa:
ESEPE honen helburua produkzio-sistema eraginkorragoa eta lehengaien erabilera iraunkorragoa izatera eramango gaituen trantsizioa azkartzea da, baliabideak optimizatuz, produkzio-prozesuetan sortutako hondakinak murriztuz, birziklatuz eta produktuak berrerabiliz, aztarna ekologikoa murrizte aldera.

  • Lehenengo seihilekoan ekonomia zirkularraren ESEPEa sustatzeko hiru deialdi argitaratuko dira, ehungintzaren eta modaren sektoreetara (1), plastikoaren sektorera (2) eta energia berriztagarrien ekipo-ondasunen sektoreetara (3) bideratutakoak. Laguntza horien helburua industria- eta enpresa-prozesuen iraunkortasuna eta zirkulartasuna sustatzea izango da, ekonomia zirkularraren esparruan aipatu sektoreen lehiakortasuna eta berrikuntza hobetzeko, baita aurreko produkzio-eredu lineala gainditzeko ere.
  • Hiru deialdietako bakoitzak 100 milioi euroko aurrekontua izango du.

Nekazaritzako elikagaien ESEPEa:
ESEPE honen helburua nekazaritzako elikagaien kate osoaren garapen bateratua sustatzea da, prozesuak digitalizatuz eta ezagutza eta berrikuntza besarkatuz, baita ingurumen-arloko erronkei aurre egitea ere. 2024an, bi laguntza-ildo hauek argitaratuko dira:

  • Ministroak iragarri zuen moduan, Gobernuak nekazaritzako elikagaien industria indartzeko jardueren bigarren deialdi bat egingo du, eta eskuragarri dauden fondoen soberakina erabiliko du horretarako (lehenengo deialdiak 510 milioi euroko aurrekontua zuen, eta 183 milioi euro soilik esleitu ziren behin-behineko ebazpenean). Deialdi honen diru-hornidura ez da ezagutzera eman oraindik.
  • Bestalde, arrantza-sektoreak deialdi propioa izango du, aurrekoan ez baitzuen ildo zehatzik izan. Hori dela eta, sektore horretarako programa zehatz bat bideratzea erabaki da, eta 50 milioi euroko aurrekontua izango du: 40 milioi euro diru-laguntzetan banatuko dira eta 10 milioi maileguetan.