Kutxabank Enpresak

Egungo Ekonomia

Europako fondoetatik datozen 1.000 milioi euro baino gehiago udalen artean banatzeko

Europako fondoetatik datozen 1.000 milioi euro baino gehiago udalen artean banatzeko

PARTNERS GLOBAL FUNDING | 2021/10/25

Gonzalo Cardenal

Kontseilari ordezkaria

Europako fondoetatik datozen 1.000 milioi euro baino gehiago udalen artean banatzeko

Susperraldi eta Erresilientzia Mekanismoaren Europako fondoetatik datozen 1.000 milioi euro inguru banatzen hasi dira dagoneko udalen artean, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioaren bidez, 2021eko lehenengo deialdian.

Susperraldi Planaren laguntza-lerro honen helburua hiriak deskarbonizatzea, zarata gutxitzea eta airearen kalitatea hobetzea da. Aurreikuspenen arabera, bigarren deialdi bat egingo da datorren urtean, lerro horretarako aurreikusitako 1.500 milioi euroak osatu arte.

Aukeratutako proiektuek Europako Batzordeak onartutako Susperraldi, Eraldatze eta Erresilientzia Planean zehaztutako helburuak bete beharko dituzte, hala nola gauzatzeko epeei buruzko konpromiso zorrotzak eta mugikortasun aktiboa (oinez, bizikletaz...) eta iraunkorra sustatzearekin lotutako helburuak.

Bada, hiri-garraio publikoko sistema fidagarria, erakargarria, irisgarria eta merkea egituratzen lagundu beharko dute, flota modernoagoekin, eraginkorragoekin eta iraunkorragoekin. Horretarako, mugikortasun adimendunaren kontzeptuarekin bat egin beharko dute, ohitura berrietara egokitua eta planifikatzeko, kudeatzeko eta ebaluatzeko sistema digitalen sustapenarekin. Proiektuak 2024ko abenduaren 31 baino lehen burutu beharko dira.

Proiektuak hautatzeko orduan, udalerriek aurkeztutako proiektuen heldutasunari, kalitateari eta eraginari emango zaie lehentasuna, eta eskaera aurkezteko unean Hiri-mugikortasun Iraunkorreko Plan bat izan beharko dute ezinbestean.

Helburu horiek lortzeko aurreikusi diren lanen sorta zabala lau lerrotan egituratzen da:

a) Isuri txikiko guneak ezartzeko lanak, horiek aurrera ateratzeko behar diren inbertsio guztiak barne. Lerro honek semaforo-kontroletan, sentsoreetan edo egoiliarren matrikulak ezagutzeko programetan egindako inbertsioak barne hartzen ditu, besteak beste.

b) Garraio publikoranzko aldaketa sustatzeko eta mugikortasun osasungarria bultzatzeko neurriak. Ondoko proiektuak barne harten ditu, besteak beste: mugikortasun aktiboa errazten dutenak, hala nola kaleak oinezkoentzat egitea eta bizikletentzako azpiegitura sortzea; garraio-modu kolektiboen zirkulazioa lehenesten dutenak; eskariaren araberako garraio-sistemak sustatzen dituztenak; intermodalitatearen alde egiten dutenak, zero isuriko edo isuri txikiko ibilgailuekin; salgaien hiri-banaketaren eraginkortasuna hobetzen dutenak (azken milia) eta disuasio-aparkalekuak gaitzen dituztenak.

c) Garraio publikoko flotak eraldatzeko lanak, Ibilgailu Garbien Zuzentarauan zehaztutako helburuak lortzen laguntzeko, hala nola autobus elektrikoak edo hidrogenoz bultzatutakoak erostea eta kargatzeko puntuak instalatzea.

d) Garraio-zerbitzu publikoak digitalizatzeko lanak, hala nola garraio publiko kolektiboaren erabileran erabiltzailearen esperientzia edo irisgarritasuna hobetzen dutenak eta trafikoaren eta garraioaren kudeaketan, eskariaren kudeaketan eta informazioaren azterketan eraginkortasun handiagoa lortzen laguntzen dutenak.

Laguntza-lerroak 50.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerrientzat eta probintziako hiriburuentzat dira, horiek baitute garraio publikoko zerbitzuak emateko eskumena. Klima Aldaketari eta Energia Eraldaketari buruzko legeak, gainera, 2023a baino lehen isuri txikiko guneak ezartzera behartzen ditu. Garraio-moduaren aldaketa sustatzeko, flota eraldatzeko eta garraioa digitalizatzeko lerroetan jasotako ekimenak irizpide jakin batzuk betetzen dituzten 20.000 biztanletik gorako udalerrientzat ere badira, hala nola garraio kolektibo publikoko zerbitzuak dituztenentzat.

Deialdi honen barruan emango diren laguntzen zenbatekoa 1.000 milioi eurokoa izango da. Udalerri batek eskatu ahal izango duen gutxieneko diru-laguntza 200.000 eurokoa izango da eskaera batean jasotako lan bakoitzeko; gehieneko zenbatekoa, berriz, udalerriko biztanleen arabera finkatuko da. Proposamena udalerri-talde batek edo udalerriaz gaindiko erakunde batek aurkezten badu, gehienezko muga 40 milioi eurokoa izango da.

Diru-laguntzak ez dira bateragarriak izango Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko beste laguntza-lerro batzuetatik datozen beste edozein diru-laguntzarekin, baina hurrengo ekitaldi bateko beste edozein deialditan lortu ahal izango dute finantzaketa.

Labur esanda, Garraio Ministerioak hiriguneen deskarbonizazioa bizkortzera eta mugikortasun aktiboa, iraunkorra eta digitala sustatzera bideratu du Europako fondoen zati bat, “ingurune atseginagoak, eskuragarriagoak, arnasgarriagoak” garatzeko eta “ibiltzeko eta bizitzeko hiriak” diseinatzeko konpromisoarekin.