ETEak digitalizatzeko plana
PARTNERS GLOBAL FUNDING | 2021/07/02
Gonzalo Cardenal
Kontseilari ordezkaria
ETEak digitalizatzeko plana
Gobernuak 11.000 milioi euro inbertituko ditu 2021etik 2023ra ETEak eta Herri Administrazioa digitalizatzeko eta herritar guztien gaitasun digitalak indartzeko.
EBren Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez diru-laguntzetan 69 500 milioi euro banatzeko Espainiako suspertze eta erresilientzia planaren inguruko ebaluazio positiboa egin du Europako Batzordeak. Batzordeak egiaztatu du Espainiako planak diru-kopuru osoaren % 28 eraldatze digitala bultzatzeko neurrietara bideratuko duela, hala nola herri administrazioaren, industriaren eta enpresen digitalizazioaren inguruko neurrietara, ETEak digitalizatzeko programa zehatz bat barne.
ETE-en digitalizazioak premia berezia dauka orain, ETE-ei bereziki eragin dion COVID-19aren pandemiak sortutako egoeraren ondorioz.
Izan ere, pandemiaren eragin ekonomikoak aldaketa teknologia azkartu du eta orain are beharrezkoagoa da enpresak negozio-eredu berrietara, banaketa bideetara, urrutiko lan-eredura, merkataritza elektronikora eta marketin digitalera moldatzea.
ETEak digitalizatzeko planean 5.000 milioi euro inguruko inbertsio publikoa aurreikusten da 2023ra arte, 1.500.000 enpresa txiki eta ertainen digitalizazio-prozesua azkartzeko helburuarekin. Enpresa horien guztien artean, gutxienez 1.200.000 autonomoak eta mikroenpresak izango dira, hau da, kopuru osoaren % 80.
ETE-ei laguntzea helburu duen 2020ko urriaren 7an gobernuak aurkeztu zuen Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 13. osagaiaren barruan dago Digitalizazio Plan hau. Ildo horretatik, ETE-en digitalizazioaren bultzada Europako ekonomiaren trantsizio ekologiko eta digital bikoitza lortzeko Europako Batzordearen estrategien barruan jasota dago.
Digitalizazio Planean honako helburu hauek proposatzen dira:
1) ETE-en oinarrizko digitalizaziorako programa multzo mailakatu bat ezartzea eta lankidetza publiko-pribatua sustatzea.
2) Enpresen eta zuzendaritzen gaitasun digitalen inguruko prestakuntza sustatzea, ETE-en eraldaketa, produktibitatea, hazteko aukerak eta nazioartekotzea hobetzeko.
3) Berrikuntza disruptiboa eta ekintzailetza bultzatzea esparru digitalean, ETE-ek eta startupek datuetan oinarritutako ekonomia berde eta digitalak ematen dituen aukerak baliatu ditzaten.
4) Digitalizatze-programa sektorialak zehaztea, industriaren, turismoaren eta merkataritzaren ezaugarri zehatzetara egokituak, trantsizio ekologikoaren testuinguruan.
5) Digitalizazioan genero-arrakala murriztea
ETE-en eraldaketa digitala enpresa-erakundeetan ematen den berrikuntza eta aldaketa prozesu bat da, gaitasun, teknologia eta zerbitzu digitalen bat-egitetik eratorritakoa, eta produktibitatearen igoerarako, nazioartekotzerako, hazkunde potentzialerako eta lurralde, genero eta gizarte-arrakalak ixteko funtsezko osagaia da.
Gizarte Gaietako eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioak «Plan Acelera pyme» plana sustatu du. Programa horren barruan, 250 milioi euroko neurriak daude, esparru teknologikokoak, COVID-19ak sortutako krisiari aurre egiteko abiada bizian martxan jarri direnak.
Aurrekontu horretatik, 36 milioi € talentuarekin loturiko programetarako erabiliko dira; 14 milioi €, ETEen eraldaketa digitalerako; 130 milioi €, adimen artifizialaren eta gaitzeko beste teknologia batzuen garapen teknologikorako; 55 milioi €, datuaren ekonomia eta eduki digitalak bultzatzeko; eta 15 milioi €, ekintzailetza sustatzeko.
Euskadin, digitalizazioa sustatzeko hainbat laguntza daude. Industria Digitala 2021 nabarmendu nahi dugu. Industria-enpresetan eta zerbitzu teknikoen enpresetan zein diseinu eta logistika enpresetan Elektronikaren, Informazioaren eta Komunikazioen Teknologiak (EIKTak) sartzea da lerro horren helburua, produktu-prozesu industrialari lotuta, enpresaren lehiakortasuna hobetzeko helburuarekin.
Urtean 18.000 eurorainoko laguntza ematen zaio enpresa bakoitzari, EIKTen inguruko diagnostikoak edo ezartze-planak prestatzeko, 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera abian jarritako digitalizazio proiektuetarako.
Digitalizazio Planaren helburuak betetzeko, lau jarduera-lerro nagusi eta bosgarren lerro horizontal bat diseinatu dira:
- Enpresaren oinarrizko digitalizazioaren sustapenak 3.000 milioi eurotik gorako aurrekontua dauka, ahalik eta ETE gehienek martxan dauden konponbide digitalak bere egiteko, besteak beste, honako alderdi hauek hobetzeko: barne-kudeaketa, bezeroekiko eta administrazioarekiko harremana edo marketin digitala. Horretarako, konektibitatea, zibersegurtasuna eta lankidetza-sareak eta enpresa clusterrak garatzeko tresnak ere bultzatu nahi dira.
- Aldaketaren kudeaketari emandako laguntzak, 656 milioi euroko aurrekontuarekin, zuzendari eta langileei enpresaren kudeaketa digitalean trebakuntza eskaintzeko balioko du. Arreta berezia jarriko zaio genero-arrakala digitalaren murrizketari eta ETE-etan eraldaketaren eragile izan daitezkeen gazteak digitalizazioan trebatzeari.
- Berrikuntza disruptiboak eta ekintzailetza digitalak 439 milioi euroko aurrekontua izango dute, ETE-ek eta startupek datuetan oinarritutako ekonomia berde eta digitalak ematen dituen aukerak baliatu ditzaten.
- Digitalizazio sektorialari emandako laguntzak 450 milioi euroko aurrekontua dauka, industria, merkataritza eta turismo sektoreen digitalizazioa bultzatzeko.
- Lurralde nazional osoan haien osagarritasuna eta eraginkortasuna indartzeko ETE-en ekintzailetzari, berrikuntzari eta digitalizazioari laguntzeko sareen eta tresnen erreforma.
Ekonomia Gaietako eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioak argitara eman du interesen adierazpenen eskaera bat, ETEak eta autonomoak digitalizatzeko zerbitzuak finantzatzeko eta emateko proposamenak jasotzeko helburuarekin.
Azken batean, Plan osoak gutxienez 1.350.000 milioi ETEri laguntzeko helburua dauka, eta 1.500.000 ETEra iristeko aukera ere badago, erabakitzen diren laguntzen intentsitatearen arabera.
ETE-en artean, nabarmentzekoa da mikroenpresen eta autonomoen digitalizazioaren alde egindako apustua, Digital Toolkit programaren bidez; kasu horretan, 1.200.000 eta 1.350.000 mikroenpresa eta autonomorengana iristea aurreikusten da.