Kutxabank Enpresak

Egungo ekonomia

Bizi guztian entrenatzea

Bizi guztian entrenatzea

DEUSTO BUSINESS SCHOOL | 2019/09/30

Iñaki Ortega, Madrileko Deusto Business School-eko zuzendaria

«Ikaskuntzaren gizartean» bizi gara, lege akasgabe hau oinarri duena: «bizirauteko, gutxienez ingurunea aldatzen den abiada berean ikasi behar dute pertsonek, enpresek eta erakundeek; horrez gain, aurrera egin nahi badute, abiada biziagoan ikasi beharko dute». Jose Antonio Marina filosofoaren hitz horiek ondo baino hobeto laburbiltzen dute artikulu honen tesia.

Izan ere, egile askok esaten dute, besteak beste Jeffrey Selingok, hezkuntzaren hirugarren iraultzan buru-belarri sartuta gaudela. Lehen olatua, iragan mendearen hasieran, derrigorrezko hezkuntzaren abiapuntuarekin lotuta egon zen. Hari esker, hezkuntza jende ugarirengana zabaldu zen, eta bizitzeko trebakuntza eskaini zien mundu osoko milioika pertsonari. Esate baterako, 1910ean, Estatu Batuetako gazteen % 9k baino ez zuen lortu bigarren hezkuntzako diploma bat; 1935ean, aldiz, % 40k eskuratu zuen. Bigarren iraultza XX. mendeko bigarren herenean gertatu zen Estatu Batuetan, baina baita beste herrialde batzuetan ere, hala nola Espainian (kasu honetan, demokraziaren eta «guztiontzako unibertsitatearen» etorrerarekin). 1965ean, 75.000 pertsona matrikulatu ziren lehen ikasturtean, eta, gaur egun, kopuru hori 1,5 milioikoa da. 1970ean, Estatu Batuetan, 8 milioi lagun besterik ez zegoen unibertsitatean, eta, gaur egun, 20 milioitik gora dira.

Orain, bizialdia gero eta luzeagoa denez, baina baita bilakaera teknologikoaren eta lan-munduan daukan eraginaren ondorioz ere, hezkuntzaren hirugarren iraultza handiaren atarian gaude. Lehen bi olatuetan nahikoa izan zen prestakuntza-maila ez du ematen nahikoa izango denik XXI. mendeko ekonomian. Aitzitik, hirugarren olatu honen ezaugarri nagusia bizi guztiko prestakuntza izango da, edozein lanbidetan egunean egon ahal izateko eta helduko diren lan berrietarako trebakuntza lortzeko. Esate baterako, Gartner-en arabera, datozen lau urteetan, adimen artifizialak 1,8 milioi lanpostu suntsituko ditu mundu luze-zabalean, baina 2,3 milioi lanpostu berri sortuko ditu.

Litekeena da langileek ikaskuntza mota hau behar dutenean eta epe motzean baino ez kontsumitzea, eta ez epealdi luzeetan, orain arte bezala, hilabete eta urte asko behar baitira ziurtagiriak eta tituluak lortzeko. Horrez gain, hirugarren olatu honekin, langileek prestakuntzaren inguruan izango duten iritzia aldatu egingo da. Orain, enpresak hala eskatuta egiten den edo, okerrago dena, kaleratze baten ondoren datorren madarikazio baten itxura dauka. Entrenamenduari berrekitea eguneroko bizitzaren parte izango da, lanaldi hain luze eta askotarikoen ondorioz, gure burua berrasmatzea eta berriro trebatzea oso ohikoa izango baita. Horrenbestez, prestakuntza eta lan-mundua bizitzako etapak direla edo gure izaeraren isla direla ahaztu beharko dugu. Orain arte, ikaslea zinen, eta ez ikasten ari zen norbait. Goi-mailako hezkuntza amaitzeak helduaroa zekarren, independentzia ekonomikoarekin lotuta. Datozen urteetan, ohikoa izango da berrogei, berrogeita hamar edo hirurogei urterekin unibertsitatera itzultzea, lehenengo karrerarekin zerikusirik ez daukan gradu bat, programa bat edo ikastaro bat ikasteko. Oro har, lan- eta hezkuntza-munduaren arteko harremanak estuagoak izango dira: maiz joango gara batetik bestera, eta askok, onenek, bi ozeanoetan bila ibiliko dira aldi berean.

Hain zuzen ere, denbora historikoak hartu duen abiada bizia da bizi dugun garaiaren ezaugarri nagusietako bat. Dena gertatzen da azkarregi, eta, askotan, oraindik teknologia jakin bat garatze-bidean dagoenean, bertan da hurrengoa, aurrekoa zaharkituta utziko duena. Berehalakotasuna nagusi den testuinguru honetan, hezkuntzak, bere izaerarengatik planifikazioa eta denbora behar-beharrezkoak dituenez, erronka handi baten aurrean dago. Malgutasun hutsa lortzea baino zerbait gehiago. Gradu bikoitzak, titulazio mistoak, executive programak, blended, eta esperientzia eta foku ikastaroak kalitatezko prestakuntza oso espezializatua lortzeko tresna erabilgarriak dira, adin guztietako parte-hartzaileak arazo errealen aurrean jartzeko gaitasuna dutenak, erabakiak hartu eta arazoak konpontzen irakasteko.

Beharrezkoak izango diren trebetasun berri horien harira, den-dena ez da teknologiarekin lotuta egongo. Lan-trebakuntzak hainbat diziplina tekniko izan beharko ditu ardatz, baina hura osatzen duten trebetasunak ere funtsezkoak izango dira, hala nola arazoak konpontzeko gaitasuna, talde-lana, komunikazioa eta, batez ere, enpatia. Superespezializaziotik ezagutzak elkarlotzeko gaitasunerantz joko dugu. Baina esandako guztia hutsaren hurrengoa izango da, garrantzitsuena bazterrean uzten badugu: gure eta gure enpresen lanarekin mundu hobe bat eraiki ahal eta behar dugu, inor atzean utzi gabe.